XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lan ixila eta gordea: kanporat ez da ageri, orhea harrotzen duen altxagarria.

POBREAK MAITA 13-XI-1986

Berrogoi urte.

1946-eko irailaren 8-an, Lurderat baziren bilduak ehun mila presuner eta deportatu ohi.

Eskerrak nahi ziozkaten Jainkoari bihurtu etxerat itzulirik, bai eta otoitz egin, han nunbait utziak zituzten beren lagunentzat.

Heien artean bazen apez bat, gerla denboran presoneren zerbitzuko zernahi egina zuena: Jean Rodhain.

Harek zuen beila bururatzean jakin-arazi, Frantziako apezpiku-buruek deliberatua zutela, obra berri bat ezarriko zutela xutik: Laguntza Katolikoa, pobreenen alderat Kristoren amodioaren seinale izanen zena.

Gerla-tresnak ixilduak balinbaziren ere, gerlaren ondorio hitsak hor ziren oraino: bazter guzietan, miseria gorria zuten familia ainitzek.

Rodhain apeza lotu zen gogotik, apezpikuek galdatua zioten sailari.

Erran ditake, holako lan bati buruz ederki preparatua zela.

Lehen-lehenik, bazakien, bere gostuz, sofrikarioaren berri.

Ttipia zelarik, arras eri egona zen, eta medikuek espantu guti zuten.

Hamalau urtetarat heldu zelarik hamalaueko gerla piztu zen, eta gudu-tokieri hurbil bizi zen Rodhain familia.